XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haren alde egiten zuen beti bultza gure Probintzian. Esate baterako, herriz herri ospatzen ziren Euskal Festa edo Lore Jokoetan gipuzkera eskatzen zen literatur sarietan parte hartzeko (ugarienak ziren artikuluetan, olerkien sailean, ostera, edozein euskalkitan idatz zitekeen).

Horrela aritzen ziren 1896an Arrasaten, 1905ean Bergaran, 1907an Elgoibarren edota 1908an Eibarren, nahiz eta ikusten dugun bezala, bizkaieraz nagusiki hitz egiten den eskualdea izan. Argi dago bere herriko euskalkia bizkaiera bazen nekez aurkeztuko zuela bere burua idazlegai batek.

1.5. Hogeigarren mendea. Hizkuntzaz kanpoko arrazoiak: aranismoa

Ikusi dugu zertzeladetan bederen bizkaieraren bilakaera historikoa. Baina XIX. mendearen bigarren aldiari, emeki-emeki bederen, hiri-usaina badario, are gehiago XX. mendeari non gizartea aro berri batean murgildua ikusten baitugu.

Arazo sozialak lehenengo aldiz neurri eta hedadura handia hartzen doaz XIX. mende bukaeratik jadanik huelga hitza oso ezagun bilakatuko zaielarik langileei. Bizkaian sortuz doan sozialismoaz batera euskal abertzaletasuna sendotzen hasia da Bilbo abiapuntu duelarik.

Mugimendu sozial hori zela eta, Bizkaia garai hartan puntakoa bilakatuko da ez Euskal Herrian soil-soilik bai eta Estatu mailan ere. Bertan hartuko du indar handia Pablo Iglesiasen alderdi sozialistak, bertan alderdi komunistaren eragileetako bat izango zen Facundo Perezagua luzaz arituko.

Bestalde, garaiko giro sozialera itzuliz, esan XIX. mendearen azken aldian etorkin kopuru handia hartuko dutela Bilbok eta bere inguruak. Etorkin erdaldun horiek nekez euskaldunduko dira.